XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bertan zeuden medikuekin joan ziren erreginaren ohantzera.

Hasiera baten sendagileek egin ohi duten azterketa egin zuen berak ere: mingaina aterarazi, betazalak aztertu, pultsua hartu... eta hartan zebilela Herioa ikusi zuen gaixoaren oinen aldean.

Ikazkinak orduan: -Berehala sendatuko dut eri hau.

Eta enplastorako zenbait gauza eskatu zituen: ardoa, linazi, zahia, errizinolio... eta horrelakoak.

Han ziren medikuek trufa egin zioten.

Erregeak, hala ere, eskatu zuen guztia berehala ekartzeko agindu zuen; eta erregina sendatu egin zen, gaitza eskuz kendu izan balio bezala.

Medikuek orduan, euren buruaz lotsaturik, ez zekiten zer esan eta zer egin.

Zoko batean bildurik, euretako zaharrena ohean sar zedila erabaki zuten.

Erregeari esan zioten gero: -Errege Jauna, medikua ez den hori inor sendatzeko gai ez dela ikus dezazun, guretariko zaharrena ikustera etor dadin ordena eman iezaiozu.

Ikazkina gelan sartu zen eta herioa ohe-buruan ikustean, esan zuen inongo azterketarik egin gabe:

-Berehala hilko da eri hau -esan zuen.

Medikuen algarak eta irriak lehen baino handiagoak ziren. Laster kendu zitzaien barre egiteko gogoa, euren laguna azkenetan zegoela ikustean.

Erregeak orduan bere emaztea sendaturik, eta sendo ematen zuen mediku zaharra hilda ikusirik, haiek sendagile guztiak aterarazi zituen.